Udalak jakinarazten du datorren astetik aurrera eszenatokia jarriko dela frontoiko aparkalekuan, iraileko lehen egunetan hainbat kultur emanaldi egiteko (musika, antzerkia, txirrindularitza lasterketa, herri kirolak…). Halaber, barrakaren bat jartzea aurreikusten da. Horregatik, bere garaian iragarriko da aparkalekua erabat itxiko dela.
Barkatu eragozpenak.
Udalak triziklo elektriko baten erosketa esleitu du udal-brigadarako, 5.505 euroko zenbatekoan, eta Eusko Jaurlaritzak 3.600 euroko diru-laguntza eman dio, garapen jasangarria sustatzeko. Ibilgailu horrek erraztu egingo du brigadako langileak hainbat lanetara hurbiltzea, hala nola udalerrian paperontziak jasotzera joatea edo garbiketa-lanak egitera.
Jakinarazi nahi dugu datozen egunetan, eta Hiriko Atearen ingurua hobetzen jarraitzeko asmoz egin diren eraberritze-obren esparruan, egoitzaren aurreko espaloian dauden olioa eta arropa biltzeko edukiontziak birkokatuko direla, eta Axpe urbanizazioaren ondoko edukiontzi-multzora eramango direla. Gainera, Saratxagureneko aldaparen asfaltatze eta hobekuntza aprobetxatuz, Arenazako edukiontziak ere birkokatuko dira.