Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara

Artziniegako Udalak prest du 2021eko berdintasun plangintza, elkarteekin, taldeekin eta herritarrekin partekatzeko, beraien ideiak eta ekarpenak jaso eta politika publiko feministak gauzatzeko.

Hala, 2021ean, honako ekintzak aurreikusten dira arloka:

Transbertsalitatea:

• Elkarteei laguntza emango zaie euren funtzionamenduan eta ekintzetan genero ikuspegia kontuan izateko.
• Udal kontratazioetan, berdintasun klausulak sartuko dira.

Emakumeen jabekuntza
• Aurten, Artziniegako emakumeei buruzko liburua egin nahi da, emakumeen memoria, aztarnak eta errealitateak jaso, aitortu eta bistaratzeko. Horretarako, martxoaren 9an, prozesuaren aurkezpena egingo dugu, egoerak hala aginduta, era birtualean, eta helburua partaideen ideiak eta ekarpenak jasotzea izango da, Artziniegako emakumeen aniztasun guztia jaso ahal izateko.
• Martxoaren 13an, autodefentsa feminista tailerra izango da, hori ere, era birtualean. Autodefentsa feminista tresna estrategikoa da indarkeria matxista detektatu eta era kolektiboan aurre egiteko.
• Martxoaren 8a, betiko moduan, Hiriska emakume elkartearekin eta talde feministarekin batera antolatuko dugu.
Jendartea eraldatzen
• Eskola eta Guraso Elkartearekin batera, hezkidetza proiektuarekin jarraituko dugu, Eskolako eragile guztiek, irakasle, ikasle, jantokiko begirale eta gurasoek berdintasuna eta aniztasuna lantzeko.
• Gainera, herriko mutil eta gizonekin ere berdintasunari buruzko gaiak landuko ditugu, beraiek aukeratutakoak, maskulinitate berrien inguruan.
• Eta Kuadrillarekin batera, ekofeminismoa lantzen jarraituko dugu, SETEM elkartearekin batera.
• Era berean, sexu eta genero aniztasunak garrantzia berezia izango du. Batetik, LGTBIQ+ kolektiboaren egoerari buruzko diagnostikoaren aurkezpena egingo da, eta bestetik, urtero moduan, Zinegoak Festibaleko laburmetraiak ikusiko ditugu ekainaren 26an, aniztasunaren aldeko kanpainaren barruan. Aurten ere, aire librean izango da.

Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak
• Urtero bezala, Beldur Barik Aiaraldea lehiaketan parte hartuko dute herriko gazteek, hezkidetza proiektuaren barruan.
• Bestalde, jaietan eta egunerokotasunean ematen diren eraso sexistak detektatu eta aurre egiteko tailerrak antolatuko dira.
• Azaroaren 25aren kanpaina ere antolatuko da, Hiriska elkartearekin eta mugimendu feministarekin batera.
• Eta indarkeria matxista kasuak atenditu, koordinatu eta jarraipena ematen ere jarraituko da, Gizarte Zerbitzuak, Osakidetza eta Ertzaintzarekin batera. Gainera, aurten, emakumeen erreparazioaren gaia landuko da.

Beraz, hainbat ekintza eta prozesu jarriko dira martxan herrian, eta horretarako, elkarte, talde eta herritarren partaidetza ezinbestekoa da, beharrei egoki erantzuteko.

Amaitzeko, esan behar dugu herrian bertan antolatutako ekintzez eta prozesuez gain, LaiaPlazan, Arabako plaza feminista birtualean, bildutako ekintzak izango ditugula, Arabako Udalek, Kuadrillek, elkarteek eta Aldundiak antolatutako ekintzak partekatzeko plaza feminista delako.

Aipatutakoari buruzko informazioa eta ideiak eta ekarpenak egiteko: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. eta 686587889 (Whatsapp eta Telegram)

Helbidea
Garai Plaza, 1
01474 · Artziniega (Araba)
Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00 etatik 14:00 etara
Faxa
+34 945 39 64 02