Udalak jakinarazten du udal igerilekuak ekainaren 25ean, asteazkenean, irekitzea aurreikusten dela. Pool Gestión Servicios enpresa izan da aukeratua datozen bi urteetan igerilekuak kudeatzeko, eta beste bi urtez luzatzeko aukera ere badago. Hurrengo egunetan, enpresak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, behin betiko esleipena egin eta kontratua sinatu aurretik. Era berean, sorosleak eta sarbidea zein sarrerak kontrolatzeko langileak kontratatu beharko ditu. Hori dela eta, hilaren 25ean instalazioak berme osoz irekitzeko asmoa agertu digu. Horren aurretik, igerilekuek Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Sailaren oniritzia jaso beharko dute. Sailak bisita egingo du, udan ohikoa den bezala, ireki aurreko egunetan. Sarrerak eta abonuak saltzeko sistema iazko udan bezala izango da, online Udalaren webgunearen bidez edo igerilekuetan bertan, ordaintzeko banku-txartela eta eskudirua erabiliz.
Azken aste hauetan instalazioak prestatzeko lanak egin dira, eta berrikuntza gisa sare bat jarri da kanpoko hesian, erabiltzaileen intimitatea babesteko. Hori herritarrek Udalari egindako eskaera bat izan zen. Era berean, instalazioen kanpoaldean obrak egin dira saneamendu-sarearekiko konexioa hobetzeko. Termoak ere berritu dira, ur beroaren sistema dutxen erabileraren eta tabernakoaren artean bereizteko.
