Historia - Municipio ArtziniegaArtziniegaren lurretan aspalditik bizi izan ziren gizakiak. Horrela adierazten dute, adibidez, Erretes Tudelako La Iglesia koban aurkitutako aurre-historiako giza aztarnek. Gainera, hortik ez oso urrun, Gordeliz auzoan ere XVIII. mendean latinez idatzitako hilarria topatu zuten. Beraz, argi dago erromatarrak lur horietan bizi izan zirela.

Halaber, Arteko santutegian egindako indusketei esker, IV. eta VI. mendeko egonleku batean erromatar kultura material baten aztarnak agertu ziren.

Lehenengo datuak

Artziniegako historia idatzia 1272 an hasi zien, Gaztelako errege Alfontso X. Jakitunak Artziniegari hiri-gutuna eman zionean. Ordutik aurrera, lurzoruaren arazoetarako Bizkaiko foruaren arabera gobernatzen zuten hiribildua, baina ekonomia zein zergen arazoetarako, aldiz, Gasteizko foruaren arabera.

Don Telloren heriotzaraino, Artziniega Bizkaikoa izan zen, baina 1370ean don Tello hil zenean lur horiek bere anaia Enrike II.aren eskuetan utzi zituen, eta horrek aldi berean, urtebete beranduago Pero Lopez de Aiala kantzilerrari eman zizkion, Orozko eta Laudioko haranekin batera.

1817ra arte, Aiarako jauntxo eta dukeek (geroago Veragua, Berwick eta Liriako dukeak) eskubidea izan zuten Artziniegako alkate nagusia izendatzeko, formalki Aiarako jaurerriaren barruan baitzeuden, baina ez zuten horrela egin. Bizkaiaren barruan egon zen bitartean, Jaurerriak izendatu zituen alkateak, eta ondoren, herriak berak aukeratu zituen kontzeju irekian.

Erdi Aroa

Erdi Aroan zehar, gainontzeko tokietan bezala, Artziniegan ugariak izan ziren lurraldeak eskuratzeko bandoek egindako gudak . Artziniega merkataritzarako leku estrategiko batean zegoen, itsasoaren eta goi-lautadaren artean, horrenbestez, bertan hainbat leinu garrantzitsu eta aberats finkatu ziren. Hiribilduan bortizkeria ekintzak ugariak izan ziren eta horien adibide argia setio ahalegina izan zen. Gainera, Artziniegako olagizonek 1491n Errege-erregin Katolikoei egindako eskaria ere nabarmentzekoa da, burdinaren salerosketan interesak zituen Largatxa de Iratzagorria familiak hainbat eraso egin baitzizkien.

XV. mendean eguneroko bizitza eta orduko ekonomia jardueren berri (gari eta ardo laborantza, abeltzaintza, errotak, ehulea, ostalaria eta okina bezalako hiri-lanbideak, etab.) ematen diguten ordenantzak eskuratu zituen hiribilduak. Orduan garrantzi handia zuen asteko merkatuak, historian zehar eskualdeko erdigune ekonomikoa izan baitzen Artziniega. Aurrekoaren ildotik, iraileko Arteko azoka ere oso garrantzitsua da eta merkatu zein azoka horiek hamabost egun iraun zezaketen lasai asko.

Garai horretan, udalaz gaineko elkartea eratu zen; Ordunteko Batzordea , hain zuzen ere. Batzorde horrek hiribildua zein inguruko Aiara haraneko herriak (Mendieta, Retes de Tudela, Santa Koloma eta Soxoguti) biltzen zituen, hainbat arazo komun erabakitzeko; besteak beste, mendien eta larreen ustiapena.

Aro modernoa

Erdi Aroa bukatuta, Artziniegaren hedapen-aldia izan zen eta garai horretan harresitik kanpoko guneak okupatzen hasi zen. Gainera, Ameriketako aurkikuntzak ekarritako aberastasunak eragin zuzena izan zuen hiribilduaren garapenean; izan ere, hainbat artziniegarrek dirutza ikaragarriak egin zituzten itsasoaz bestaldean. Horrela, 1590ean Pedro Saenz de Ubaldi batxilerrak ospitalea egin zuen parrokiaren aurrean, geroago, Arenaza auzoan XX. mendera arte bertan egon zena. Artziniegako ikastetxearen sorrera ere aipagarria da, 1608an Pedro de Oribe Salazarrek herriari oparitu ziolako.

Orduan, Artziniegan hainbat gertakizun historiko bitxi egon ziren; besteak beste, soldadutza egin nahi ez izateagatik gazte batzuen aurkako auzia eta gaztelaniaz hitz egiten ez jakiteagatik Artziniegako prokuradoreak 1674an Arabako Batzar Nagusietan jasan zuen mespretxua.

Gaur egun arte

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, eskualdeko merkataritza gune nagusia izan zen Artziniega hiribildua. 1814an Goiko plazako urbanizazioa egin zuten, eta ondoren, Arterako bidekoa. Garai hartan, hirigunetik hurbil zeuden lurzoruetan Artziniegako hainbat aberatsek etxeak egin zituzten, baina geroago, familia aberats horiek Madrilera edo Bilbora joan ziren bizitzera.

XIX. mendearen erdialdean, Artziniegak aldaketa nabariak izan zituen azpiegiturei dagokienez. Izan ere, bizilagunen eta agintarien ekimenei esker, udalerri handiagoetan berezkoak diren lanak egiten hasi ziren; esaterako, udaletxe berria, merkatu estalia eta kasinoa.

Azken guda karlistan, Artziniegan zenbait borroka gertatu ziren, eta ondorioz, hiribilduko artxiboa nahiz erregistro zibila erre eta dokumentu garrantzitsu asko galdu ziren. Gerra Zibilean ere bertan gatazka handia egon zen, eta 1937an zehar, tropa nazionalek nola egiten zuten aurrera ikusi ahal izan zuen Artziniegak. Dena dela, hasiera batean, Arabako herri gehienak ez bezala, Artziniega gune nazionaletik kanpo geratu zen. Baina Bilborantz hurbilduz zihoazen matxinatuek eragin zuten Artziniega eta beste herri batzuk botere horren menpe jaustea. Hori dela eta, udalerri horiek 40 urtez erregimen zorrotza jasan behar izan zuten.

Diktaduraren azken urteetan, hiribildutik hurbil zeuden lurzoruak ere urbanizatzen hasi ziren, eta horrela, Eguzkimendi, Arenatza eta El Palacio urbanizazioak sortu ziren. Gainera, hirigintza-hazkunde horrek aurrerapauso nabariak eman ditu azken urteotan, eta horrenbestez, biztanle hazkundea oso handia izan da. Hori dela eta, udalerri horretan egun 1700 biztanle inguru daude, nahiz eta erroldatu gabeko biztanleak ugariak izan.

Erregimen frankistaren ostean, hauteskundeen bidez aukeratutako lehenengo alkatea UCDko José Mª Elejalde izan zen, eta horren ostean, EAJ-PNVko Imanol Aretxabala. Azken honen aginduetara egon da udaletxea 1983tik 2007ra arte, tarte laburtxo batean Juan José Cagigas egon zen garaian izan ezik.

 

ARTZINIEGAKO PERTSONAIA HISTORIKOAK

CÁMARA Y MURGA, Cristóbal de la

1571ko azaroaren 25ean Artziniegan jaiotako apezpikua. Siguenzako San Antonio ikastetxean ikasi zuen hasieran. Ondoren, Salamancako Unibertsitateko San Salvador de Oviedon eta bertan katedraduna izan zen. Geroago, Badajoz, Murtzia eta Toledoko Kalonje eta Magistrala izan zen eta baita inkisizio biko kalifikatzailea ere. Azken betebehar horretatik, Kanariar Uharteetako apezpiku izatera egin zuen salto, eta handik, Salamancako prelatu izatera. 1641eko apirilaren 2an hil zen eta gorpua jaioterrira ekarri zuten.

CASTRESANA GUINEA, Ángel

1901eko irailaren 5ean Artziniegan jaiotako oftalmologoa. Bilboko Ospitale Militarreko atalburua izan zen, bai eta Oftalmologiako Institutu Nazionaleko okulista ere. Bere espezialitateko artikulu zenbakaitzak idazteaz gain, ondorengo lan monografikoak ere argitaratu zituen: El estrabismo, Pedagogía de los Ciegos, La Patología de la Esclerótica, La oftalmología a la luz libre de rayos rojos . Iturria: «Enciclopedia Biográfica Española».

MENDIETA Y RETES, Francisco de

XIV. mendearen erdialdeko pintore eta historialari bizkaitarra. Aiara haraneko Mendietan (Araba) jaio omen zen, baina, egia esan, Bilboko biztanletzat ere ezaguna da.

Bera izan zen, esate baterako, "Jura de los Fueros de Vizcaya por Fernando V de Castilla" irudiaren egilea. Gainera, Bizkaiko kronika bat ere idatzi zuen eta kronika horren laugarren atala ezaguna zaigu Juan Carlos de Guerra idazleari esker.
Hainbat ikerlarik ikertu izan dute bere bizitza, herri honetan ezagutzen dugun pintorerik zaharrenetakoa delako, aipatu Bizkaiko kronika hori idatzi zuelako, irudi baten margoa lapurtu eta horren ordez, Santiagoko parrokiaren aginduz, Juan de Bayonaren armarria margotu zuelako, baina batez ere, Fernando Katolikoak Bizkaiko Foruen zin-egitea margotu zuelako. Horretaz gain, Santiagoko parrokia horretarako aberats zekenaren istorioa kontatzen duen pasartea margotu, bertako aldareetan ukituak egin eta San Joan Bataiatzailearen erretaula bukatu zuen. Azken irudi horretan egindako moldaketengatik izan zuen, hain zuzen ere, lehenago esandako auzi hori. Bestalde, Bizkaiko Foruen zin-egitearen margoa, hasiera batean, Gernikako Batzar Etxean egon zen, baina geroago, Bilboko Arte Ederretako museora eraman zuten.

Delmasen "Guía del Señorío de Vizcaya, año 1864" liburuaren arabera, irudi berezi nahiz historiko hau Londresen aurkitu zuten taberna batean, baina merkataritza-itsasontziko kapitain batek erosi eta bere herrialdeari oparitu zion kostalde hori zapaldu bezain laster.

Mendietarengana itzuliz, badirudi Francisco Vázquez izan zela beraren maisu eta babeslea. Izan ere, bere morroi Pedro de Mendieta eta zenbait urtetan bere neskamea izan zen María de Retesen semea zen Francisco de Mendieta. Gainera, María, Aiara haraneko Mendieta herrikoa zen, pintorea jaio omen zen leku berekoa. Artista horri buruz gehien ikertu duen Areitiok esan zuen Mendietak maisu eta babesle Francisco Vázquezi bere eskerrona erakutsi nahian, batzuetan honen abizena hartu eta Vázquez de Mendieta bezala sinatzen zuela (RSVAPeko buletina , X, 1954). Egia esan, 1584an Francisco Vazquezek bere iloben tutore izanik testamentua egin zuenean, Francisco de Mendieta jarri zuen fidatzaile. Honek aldi berean, Kontzejuan Bilboko biztanletzat agertzeko, beste bi artista eman zituen fidatzaile; Hernando de Ibarguen hozkatzailea eta Domingo de Bedia margolaria, hain zuzen ere. Zaila da esaten "Jura de los Fueros de Vizcaya" margolan errenazentistaren eragina zein izan zen. Europako erdialdean hainbat korronte antzeman arren, ez daukagu autorearen zein garaiaren inguruko informazio nahikorik oinarri sendoak ezartzeko eta gure herrialdeko pintura modernoaren hastapenen argibideak emateko.

RETES LARCHAGA, Domingo de

XII. mendeko Arabako pertsona ospetsua, Artziniegan jaioa. Alcantarako zalduna (1692), 1691ean San Jorgeko markes izendatu zuten, nahiz eta 1798an Airako San Romaneko markesaren izena hartu. Dena dela, markesa izateaz gain, 169an Mexikoko Nexapa hiriko alkate izatera ere heldu zen.

RETES, Pedro de

Bilboko erregidore eta mezulari nagusia izan zen artziniegar hau. 1565ean Araban zehar izurritea zabaldu zen eta bere familia kutsatu zen. Hori dela eta, Agirren isolatu zen etxe batean. Dena dela, 1566an baimena eskatu zuen Bilbon zeukan etxera bueltatzeko.

CLAUDIO DE ARCINIEGA

1526an Arabako hiribildu honetan jaiotako arkitektoa. Luis Velasco erregeordeak 1559an Nueva Españara (Mexiko) eraman zuen, bertako hargintza lanetako maisu nagusia izendatuz. Hori dela eta, hiriko katedralaren diseinua ere egin zuen. María Rojasekin ezkondu eta 1560-1570 urteen bitartean Mexikoko kabildoaren aholkularia, lanen maisua nahiz akueduktuen ikuskatzailea izan zen. Gainera, erregeordearen jauregiaren eraikitze-lanetan ere parte hartu zuen. 1573an Mexikoko katedralaren oinplanoa diseinatu zuen, herrialde horretako elizarik handiena: 110 m-ko luzera eta 55 m-ko zabalerakoa. Hiru luzera-nabe ditu eta bederatzi zeharkako, gurutzean moztu gabe. Eraikina mardula, trinkoa, bikaina eta gainkargatua da. Dorikoarekin eta jonikoarekin batera, gotiko estiloa agertzen da dorreetan eta aurrealdeetan. Dena dela, barrokoa eta churrigereskoa ere nabariak dira.

Horietaz gain, Mexikon Sorkundearen komentuko edo Markesaren elizak, indiarren errege-ospitalea eta hiriko iturri zein zubiak egin zituen, bai eta lehengo katedrala zaharberritu ere. 1592an hil eta hurrengo urtean, Erregeak "Nueva Españako (México) maisu nagusi" izendatu zuen.

ARESTI Y TORRES, Enrique

1852ko abenduaren 6an Artziniegan jaiotako gobernadore eta tratulari arabarra. 1882ra arte Mexikon lan egin zuen, baina bueltatzean Bilbon finkatu zen. Bertan negozio gizon ezaguna izan zen eta lagun batzuekin La Papelera del Cadagua, Bilbotik Santanderrerako Trenbidea, Sociedad Plomos y Estaños Laminados, Resinera Española, Sociedad de Sabero y Anexas sortu zituelako. Gainera, Bilboko bankuko aholkularia izan zen eta Roblatik Balmasedarako trenbidearen sortzailea. 1930ean Espainiako paper-fabrikako nahiz beste espresa batzuetako zuzendaria izan zen. Bestalde, Bizkaiko Karitate elkarteko presidenteordea, Aurrezki Kutxako kidea eta Mediterraneoko Burdingintzako aholkularia ere izan zen. Neguriko lursailen elkartea ere sortu zuen eta Bizkaiko Foru Aldundiko presidentea izan zen 1898tik 1902ra. Ondoren, 1907an, Maurak eskaturik, Bizkaiko gobernadore izendatu zuten. 1908ko maiatzaren 16an Arestiko kondearen titulua eman zioten. Mauraren heriotzaren ondoren, bere omenezko liburua idatzi zuen eta azkenik, 1946ko urtarrilaren 17an hil zen Bilbon 93 urterekin.